Etxebarriko Bizente Sarria Ikastola
Etxebarriko Bizente Sarria Ikastolarako proiektua
Etxebarriko udalerrian azken hamar urteotan biztanle kopurua asko hazi da eta horrek matrikulatze arazoak sortzen ditu herrian dauden herri eskoletan.
Horren aurrean, gure seme-alaben etorkizunari buruz arduratuta gauden guraso talde batek gure udalerrian ikastola bat sortzeko aukera hausnartzen hasi ginen, neska-mutilak onartuko dituena eta kooperatiben eredua jarraituko duena. Hausnarketa horretan honako gaiak aztertu ditugu:
1./ Egun udalerriak dagoeneko 8.000 biztanle ditu eta Udaletxeak argitaratutako 2007. urteko urtekariak dioenez 2012rako 11.000 edo 12.00 biztanle inguru egotea aurreikusten da.
2º/ Urteak dira gure udalerriko erroldan jasotako haur ugarik herriz kanpoko eskoletara jo behar dutela herriko eskoletan tokirik ez dutelako edo gurasoak eskolako hezkuntza-proiektuarekin bat ez datozelako. Horrek inguruko ikastetxetan arazoak sortzen ditu, hurbiltasuna dela-eta zentro horietara joateko eskubidea duten auzotar berrien haurrak matrikulatzea eragozten baitu.
3º/ Bestetik, uste dugu gure inguruko udalerrietan antzeko arazoak dituztela, esate baterako Bilbon, Basaurin, Galdakaon edo Arrigorriagan. Bilbon gainera arazo horiek areagotu baino ez dira egingo, gure ondoan dauden Bolueta eta La Peñako auzoak laster asko handituko baitira. Hazkunde hori dela-eta, uste dugu gure proiektuak inguruko biztanleen arazoak ere konpon ditzakeela eta ikastolaren proiektua bideragarriagoa egiten duen matrikula-kopurua bermatzen digu.
4º/ Udaletxeak onartutako hezkuntza-azpiegitura publikoak zabaltzeko planak ikastetxe berria eraikitzea aurreikusten du herriko Lehen Hezkuntzako ikasleak bertan elkartzeko eta orain arte erabilitako zentroak Haur Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat erabili ahal izateko. Horrek arazo latza sortuko digu seme-alabak maila ezberdinetan dauzkagun gurasoei, ordu berean zentro ezberdinetara eraman beharko baititugu.
5º/ Bestetik, egun ez dago Batxilergoa ikasteko zentrorik udalerrian eta gure seme-alabak Etxebarritik kanpo dauden ikastetxeetara joan behar dute, horrek dakartzan ondorioekin.
6º/ Udalerriak guk proposatuko zentrorako lur eremu egokia du jabetzan Bekosoloko parkean. Orube hori herriko hezkuntza-beharrak betetzeko lurra da eta Ikastolak behar dituen instalazio guztientzako m2 nahikoa ditu.
7º/ Gure ustez kokalekua ezin hobea da. Batetik, Bekosoloko parkean dagoeneko gizarteak behar dituen jarduera asko eskaintzen dira (lorategiak, liburutegia, euskaltegia, musika, pintura, soinketa eta abar). Bestetik, hirigunetik sarbidea oso erraza da, bai oinez (orain arteko sarreratik nahiz oinzubi berritik) bai autoz. Autoz iristeko gainera zuzenean sar daiteke errepide nagusitik (are gehiago N-634 errepidea estaltzeko proiektua dagoenean, Bekosoloko parkera sarbide zuzena egitea aurreikusi baitzitekeen) eta honela ikastolara sartzeko ez legoke zertan herri erditik sartu, egun dagoen trafiko arazoa areagotu gabe.
8º/ Halaber, ikastolak 0 eta 2 urte bitarteko haurren matrikulazio beharrak betetzen lagunduko luke. Izan ere, udalerriak plaza gutxi eskaintzen ditu egun dauden matrikulazio-beharretarako, zer esanik ez 2012. urterako aurreikusten den biztanle-kopuruaren beharretarako.
Bestetik, Etxebarrira egunero jende asko dator lanera eta ikastolak eskaini nahi duen haurtzaindegi zerbitzuak langile horien beharrak beteko lituzke, haien ordutegira ondo egokituko bailitzateke.
9º/ Ikastola sortzeko ekimena irabazi asmorik gabekoa da erabat eta gure xedea da autofinantzatzea lortzea eta kooperatibako kideak eta zentroan lan egiten duten guztion artean kudeatzea, estatutuak eta hezkuntza-proiektuaren arabera.
10º/ Dagoeneko Euskal Herriko Ikastolen Federakundearekin —Partaide—bildu gara eta haien elkarkidetza eta babes osoa eskaini digute.
11º/ Azpimarratzekoa da ere proiektu honek 70 lanpostu sortuko lituzkeela eta horrek udalerri osoko langileria handietarikoa duen lantokia bihurtuko luke.
Hori guztia kontuan hartuta, uste dugu guztiz bideragarria dela Etxebarrin hitzartutako neska-mutilen ikastola kooperatiba bat sortzea. Horrek ez luke inolaz ere dagoeneko udalerrian dauden herri eskolen funtzionamendua kaltetuko. Are gehiago, ikastolak egun Etxebarrin dagoen hezkuntza-eskaintza osatu eta areagotuko luke, instalazio berriak eta guztiz eguneratuak eskainiz egun eta etorkizunean gure herriko haurrentzat eta inguruko herrikoentzat.

Zabaldu
del.icio.us
